EUSKAL GEOGRAFOAK

Kurtsoa Geografia Zientzia zer den ikusten hasten dugu. Geografo nagusiei buruz  hitz egiterakoan beti geografo atzerritarrak aipatzen dira eta ahazten dugu euskal geografo garrantzitsuak ditugula.

Benjamin Tuterakoa

Mapa: wikipediatik hartuta

Bidaiari judu nafarra (Tutera, ~1127 – ~73). Hebreera, aramera, eta ustez, latina eta grekoa ere menperatzen zituen eta historia klasikoan eta merkataritzan aditua zen. Politika-, erlijio- eta merkataritza-arrazoiek bultzatuta, bidaia luze bati ekin zion: Tuteratik abiatu (~1165) eta Zaragoza, Mediterraneoa, Mesopotamia, Arabia, Egipto eta Asia Txikiko beste hainbat lekutan ibili ondoren itzuli zen (1172/73). Bidaia horren berri emanez egunkari bat idatzi zuen hebreeraz: Sefer ha massa’ot (Bidaien Liburua izenburupean 1994an euskaratua). Berak igarotako lekuetako historia, geografia, ekonomia, demografia, erlijioa, etnografia eta folklorearen berri ematen zuen liburu hau mundu guztiko juduen artean banatu zen. Hiru zutabe nagusitan dago antolatua: juduak eta hauen egoera soziala, kristauen eta islamiarren arteko politika eta bi mundu horietako merkataritza eta eskulangintza. Egun, garrantzi handiko informazio-iturburua da, batez ere, XII. mendeko erlijioa, artea, ekonomia eta ohiturak ezagutzeko. Liburuaren eskuizkribu zaharrena XIII. mendekoa da eta lehen argitalpena Konstantinoplan egin zen (1543).

Andres Urdaneta

Elkanok Moluketara eginiko bigarren espedizioan laguntzaile gisa ontziratu zen (1525). Magallaes itsasartean ontzia hondoratu eta, zenbait egun lehorrean egin ondoren, atzetik zetozen ontzietan sartu ziren. Eskorbutuak Elkano eta beste batzuk hil zituen. Moluketara iritsita, Tidor uhartean gotorlekua eraiki zuten. Gaztela eta Portugalen artean sinatutako akordioaren arabera portugesei zegokien lurra zen hura eta Portugesek espedizioari eraso eta ontziak suntsitu egin zizkieten; borrokek luzaro iraun zuten eta Urdaneta zauritu egin zuten. Bakea sinatu zutenean, Urdaneta ez beste guztiak itzuli egin ziren (1534).

Filadelfiako agustindarren Villanova unibertsitateak argitaraturiko Urdanetari buruzko liburua.

Urdanetak Moluketarako bidea markatuz mapak egin zituen. Mexikora joan eta agustindarren komentuan sartu zen (1553). Filipinetatik Mexikorako espedizioek porrot egiten zutela ikusirik, bere burua aurkeztu zuen bidaia antolatzeko. Felipe II.ak baimena eman eta 1564an abiatu zen, bere osaba Migel Lopez de Legazpi buru zutela. Filipinetara iritsi ziren; Lopez de Legazpi artxipelagoan gelditu zen bitartean, Urdanetak itzulerako bidaiari ekin zion. Bide berri batetik abiatu zen eta lehendik eginiko mapei esker Acapulcora iritsi zen. Mexikoko agustindarren komentura erretiratu zen.

Jose Kardiel

Erlijiosoa (Biasteri, 1704 – Faenza, 1782). Jesuita sartu eta Río de la Platako guaranien artera bidali zuten misiolari (1729); handik Santa Fe-ra eta gero Patagoniako kostaldera. Paraguaira itzuli eta portugesen kontrako borrokan guaranien kapilaua izan zen (1762). Jesuitak Espainiatik egotzi zituztenean Bolognan finkatu zen (1766). Bere bidaietan ikusitakoarekin eta ikerketa geografiko eta mapetan oinarriturik, Patagoniako kostaldeko mapa egin eta, Costumbres de los Guaraníes liburua idatzi zuen, besteak beste.

Bentura Barkaiztegi

Geografo eta militarra (Donostia, ? – Madril, 1815). Filipinetan itsas armadako komandante nagusia zelarik, uharteetan ikerketa eta mapa hidrografikoak egin zituen; ondoren, Kubako mapa ondu zuen.

Kosme Damian Txurruka

Militarra (Mutriku, 1761 – Trafalgar, 1805). Espainiako itsas armadan sartu zen (1776). Ponce de León eskuadra-almiranteak laguntzaile izendatu zuen; gero Santa Barbara ontzira pasa eta Gibraltarren izan zuen lehenengo gudua (1782). Teniente maila lortu zuen 1787an. Magallaes itsasartera antolatutako espedizioan parte hartu zuen 1788an; astronomia eta geografiaz arduratu zen. Ameriketako itsas atlasa egiteko asmoz, plano, karta eta mapez batera, liburu interesgarriak idatzi zituen (Carta esférica de las Antillas y la particularidad geométrica de Puerto Rico). Itsas armadara itzuli zen eta Trafalgarko guduan parte hartu zuen; bertan hil zen.

 

Paskual Madoz

Politikaria (Iruñea, 1805 – Genoa, 1870). Kulturari (El Catalán aldizkariko zuzendaria) eta gero politikari ekin zion: Bartzelonako alkatea, Lleidako diputatua (1836), Bartzelonako gobernadore zibila (1854), Kongresuko lehendakaria (1854) eta Esparteroren gobernuan hazienda-ministroa (1855) izan zen. Progresista izan arren, protekzionismoaren aldekoa zen eta 1868ko iraultzaren aurreko urteetan progresistek politikan atzera egiteko hartutako erabakiarekin ez zegoen ados alderdiarekin. Madrilgo gobernadorea izan zen (1868) eta Kongresuak Amadeo Savoiakoa errege izendatu zuenean Madoz Italiara joan zen erregearen bila, baina bidean hil zen. Historia eta geografiari buruzko 16 liburukiko bilduma argitaratu zuen: Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España (1848-50).

Manuel Iradier Bulfy

Esploratzailea (Gasteiz, 1854 – Segovia, 1911). Lurralde ezezagunak esploratzeko zeukan grinak bultzatuta, Afrikara joan zen (1875-77). Bildutako informazioa eta egindako ikerketak hainbat aldizkaritan argitaratu zituen. Bigarren bidaia bat egin zuen Afrikako erdialdera eta emaitza interesgarriak bildu zituen (1884). Esploratzaile izateaz gain, asmatzailea ere izan zen:  konposiziorako kaxa tipografikoa, ur-kontagailu automatikoa, fototakimetroa, etab. asmatu zituen. Lan etnografiko, geografiko, linguistiko, astronomiko eta botanikoak argitaratu zituen; África Tropical lanean Afrikako klima, fauna, landaredia, geologia, artea, folklorea, erlijioa, tribu-antolaketa, etab. aztertu zituen. Espainiako Historiako Errege Akademiako kidea izan zen.

Informazio hau Hiru.com-etik hartuta

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: